Gure musika

AURRERA BEGIRA

Aurrera irmoki begiratzera garamatza Aria taldeak bere bigarren diskoan
Aurrera begira da Ariak kaleratu berri duen diskoa, Marina Landaren taldearen eboluzio musikala agerian uzten duena.

Irailean kaleratutako “Dantzaren iraultza” singlearen harrera onaren ondoren, talde donostiarrak disko berria aurkezten digu: Aurrera begira. Marina Landa buru duen Aria taldearen bigarren lan honek izenburuan jasotzen du diskoko abesti guztiak lotzen dituen haria: aurrera begiratzeko beharra. Kontzeptuak hainbat esanahi ditu; espazio fisikoari egin dakioke erreferentzia, baita etorkizunari ere, edota aurrean dugun arazo edo egoerari. Hiru irudi horiek uztartzen dira disko honetan, onarpena, barne-indarra, eraldaketa, norbera izatea eta desira jorratzen dituzten kantetan.

“Hotza”-n nerabezaroko beldurrei aurre egiten zaie; “Haizearen kontra”-k harreman bat amaitzeko beharraz hitz egiten du, nork bere bidea jarrai dezan; “Banoa”-k tratu txarrak jasaten dituen emakume baten istorioa kontatzen du, bere bikotekidea utzi eta etorkizun bat eraikitzen hasten dena. “Uhara” abestiak, itsas metafora baten bidez onarpenera garamatza. “Il dolce far niente”-k gaurko eredu soziala zalantzan jartzeko deia egiten du, produktibitatean murgilduta gauden honetan kezkak alde batera utzi eta gozatzeko. Azkenik, “Dantzaren iraultza”-k emakume guztiak segurtasunez dantza daitezen aldarrikapena egiten du.

2023an Urdin lehen diskoa kaleratu ondoren, Aria taldea argitasun eta indar gehiagoz dator. Soinu osatu eta berriekin, Aurrera Begira-k popa, pop-rocka eta elektro popa uztartzen ditu, brit pop eta pop italiarraren erreferentziak hartuta. Izan ere, aurreko diskoaren ildoa jarraituta, oraingo honetan ere Italiari keinua egiten zaio Marinak Siziliako uhartearekin duen lotura dela-eta. Musikalki izandako erreferentziak haratago, agerikoa da “Il dolce far niente” abestian, “ezer ez egitearen plazera” aldarrikatzen duen kanta. Hain justu, taldearen izena, Aria, italierazko hitza da: airea

Diskoaren sortzaileak Marina Landa (letrak, musika, ahotsa), Iñaki Olaskoaga (ko-ekoizpena, gitarrak), Iñaki Ortego (teklatuak), Ion Larrañaga (bateria) eta Maialen Urretabizkaia (baxua) izan dira. Oriol Flores (ekoizpena eta grabaketa) eta Beñat Igerabide (nahasketa eta masterizazioa) izan ditu taldeak bidelagun proiektuan.

2025 udazkenetik zuzenekoetan Ane Bastida batu zaio taldeari baxuan.

DANTZAREN IRAULTZA

Hemen da DANTZAREN IRAULTZA, Aria taldearen bigarren diskoaren aurrerapena. Abestiak emakume guztiek, munduko txoko orotan, beti eta edozein musika estilotan, libre dantzatzeko eskubidea izatea aldarrikatzen du. Lotsarik gabe, beldurrik gabe, norbera izaten gozamenetik. Iraultza horretan dantzatzera gonbidatzen gaitu kantak.